Baldag Itsastxakurrak taldekoen blogak

2016(e)ko urtarrilaren 10(a), igandea

Praktikaldiko esperientzia (Tailerra)

Praktikaldia gertu genuen eta IKT-n proposaturiko lanaren inguruan hizketan genbiltzan: zer egin, zer ez egin, eta abar. Gauza bat argi geneukan, geure proiektua kontzientziazioarekin lotura zuzenekoa izan behar zen, uste baitugu geure gizartean kontzientziazio falta izugarria dagoela. Gainera, garai haietan, praktikaldia begi bistan genuen egun horietan, artefaktua lehenengo forma abstraktua hartzen ari zen.

Buru belarri geunden gaiarekin eta pentsatu genuen interesgarria zela artefaktua IKT-ko esperientziarekin lotzea, beraz, komunikazio-inkomunikazioaren gaia kontzientziazioaren bidez lantzea genuen helburu.

Hasiera batean, IKT-en erabilera sustatzeko esperientzia bat prestatu genuen, ipuinak osatzearekin loturik zegoena. Baina, ideia hau martxan jartzen hasi ginenean, pentsatu genuen hori ez zegoela kontzientziazioarekin loturik, eta beste talde guztiek edo gehienek behintzat, teknologien sustapenarekin loturiko esperientziak antolatu zituztela. Hau ikusirik, konturatu ginen, teknologien erabileraren inguruko esperientzia bat abiarazi behar genuela, baina ez teknologia hauek erabiltzen ikasteko, baizik eta ezaguna den erabilera modu egoki edo neurtuan erabili ahal izateko; hau da, umeak, teknologiak erabiltzean, erabilera honen jakitun izan daitezen. Uste baitugu, gaur egun, biztanle orok teknologiak erabiltzen dituela, baina teknologia hauen erabileraren jakitun izatea erabilera bera baina garrantzitsuagoa dela. 

 Esperientziaren nondik norakoak azaldu aurretik, garrantzitsua iruditzen zaigu kontzientziazioaren kontzeptua azaltzea. Denok dakigu, bizi garen gizarte moderno honetan, teknologia berriak izugarrizko abiaduraz txertatu direla geure egunerokotasunean. Gaur egun, teknologia hauek erabiltzen ez dakiena, ez ohikotzat dugu, arrarotzat ez esate arren. Baina, uste dugu, erabiltzen ez dituena baina egoera larriagoan dagoela gehiegi eta modu okerrean erabiltzen dituena, eta pertsona hau ez du inork arrarotzat hartuko. Honen arrazoia honakoa da: gizartean, teknologia berri hauek txertatzearekin batera, inertzia batzuk sortu dira. Inertzia hauek teknologia hauen erabilerarekin loturik daude; gizarteak “behartu” egiten gaitu inertzia hauek jarraitzera, eta inertzia hauen aurkako indarrak sustatu ezean, inertziok gehiegizko erabileretara eramango gaituzte modu zuzen eta bizkor batean. Gure lagun onena pantaila bat bihurtuko da, eta geure bikotea arratoia izango da, geure eskua honi loturik biziko baita.

 Hau dela eta, ezinbestekoa deritzogu inertzia hauen aurkako kontzientziazioa. Uste dugu IKT-en erabilera oso aberasgarria izatera irits daitekeela, baina beti ere, aurretik aipaturiko inertzia horietatik zeozer hartu eta burua erabiliz teknologia hauen erabilera ulertuaz. Hortaz, oso garrantzitsua iruditu zitzaigun Lehen Hezkuntzan hau lantzea, pertsonak haurtzarotik jabetu behar baitira inertzia hauez, errealitatea ulertzeko txikitatik errealitatearekin kontaktuan egon behar gara.

 Guk, Lehen Hezkuntzako lehen praktikaldian, honako esperientzia proposatu genien ikasleei: aste betez, egunerokotasunean erabiltzen zituzten teknologia berrien inguruko hausnarketa egin ondoren, soilik beharrezkoak diren teknologia berriak erabiltzen saiatzea; modu honetan, konturatuko ziren, egunerokotasunean erabiltzen zituzten teknologia berri edo gailu ugari ez direla uste bezain ezinbestekoak, eta hauek gabe zoriontsu izatea posible dela, menpekotasuna alde batera utzita.
 Egia da bai, geure esperientziaren bidez, ez dela IKT-en erabilera sustatzen, ez dutela teknologia berrien erabilera ezezagunik ikasten. Baina, pentsatzen dugu, erabilera berriak ikasi ahal izateko, lehenik eta behin jada ezagunak ditugunon erabilera egokiak ziurtatu behar direla. 
Esperientzia oso argi genuen arren, praktikaldia hastearekin batera, geure ilusioak zapuztu zirela ikusi genuen. Taldekide gehienok lehenengo ziklora bideratu gintuzten, eta lehenengo zikloan, ulergarria den bezala, ikasleek ez dute oraindik teknologia berri hauekin kontaktu gehiegirik, eta duten kontaktu urria kentzea gelako giroa asaldatzeko arrazoitzat hartu genuen, oraindik gazteegiak izan daitezke eta erabileraren kontuaz jabetzeko. Gainera, esperientzia modu egokian aurrera eraman zezakeen taldekide bakarra, oso gela konfliktiboan egon zen praktiketan, eta esperientzia aurrera eramaten saiatu zen arren, ez zuen emaitza zuzenik lortu, praktikaldia oso motza zen heinean, ikasgelan irakasleak beste arazo batzuei lehentasuna eman zien eta.

 Hala ere, konklusio gisara, esperientzia geletan aurrera eramatea lortu ez dugun arren, esan behar dugu guk geuk asko ikasi dugula proiektua aurrera eramaten saiatzen. Ez dugu lortu umeak kontzientziatzea, kimera gisara geratu da, baina geure buruetan sekulako kontzientziazioa eman delakoan gaude. Oso aberasgarria sortatu zaigu proiektu hau.

Iker Amas, Joxeba Arostegi, Gorka Andres, Omar Armendaritz eta Peru Aiartza.

TALDEKO ARGAZKI ELKARRIZKETA

Teknologiak hurbildu baino, urrundu egiten gaitu; zer ematen digu teknologiak gustuko ditugun beste zenbit ekintza edo gauza egiteari uzteko? Hain handia al da satisfakzioa? Zergatik? Horrelako galderak etorri zitzaizkigun burura geure lanak komunean jartzerako orduan... Benetan lasaitasunez eta sakonduaz bete beharreko eztabaida dugu hau!

Egia esan, uste baino kointzidentzia gehiago izan ditugu teknologia alde batera utziaz ekintza aukeratzerako orduan. Bitxia iruditu zitzaigun, aipatu beharreko modukoa... Zeintzuk dira gauza hauek? Gehienbat, errepikatzen direnak, kirolarekin eta lagunekin egotearekin zerikusia dutenak dira; bai futbola, bai saskibaloia, bai menditik ibiltzea, lagunekin asteburu bat igarotzea,... eta halakoak.
Behin geure arteko alderaketa egin ostean, arestian aipatutako zenbait ideia eta galderetaz hasi ginen eztabaidatzen. Zergatik, zenbaitetan, gustuko ditugun gauza hauek alde batera utzi mobil batekin edo pantaila baten aurrean egoteko? Erosotasuna aipatu genuen, oro har. Oso eroso sentitzen gara, buruhauste handirik gabe...

Beste aldetik, ekintza hauek betetzeak sortzen duen satisfakzioaz hitz egiten aritu ginen, benetan esperientzia bikainak! Hoenn inguruan hitz egiten ari ginela, egoera bat planteatu genuen, egun nahiko pilpilean dagoena. Gauez parrandara ateratzen den pertsona batek etengabe mugikorrarekin argazkiak edota bideoak ateratzen dituen pertsona, oro har, gau on edo txar bat igarotzen ari al da? Zer da benetan erakutzi nahi diguna? Gau bikaina igarotzen ari dela ikustarazi nahi digu, hala nola, "snapchat"-en bidez, baina hala al da? Geure ustez, inondik ere ez. Harengan eta egin dezakeenaren segurtasun falta isla dezake horrelako jokaerekin... Beste zenbait ekintzetan ere egoera hau planteatzea posible da.
Goazen benetan gustatzen zaizkigun gauza horiek bete edo egitera, eta hutsalkeria edota azalkeriak alde batera uztera! 

2015(e)ko abenduaren 15(a), asteartea

URRIAK 6, SAIO TEORIKOA

Klaseari hasiera emateko, Jeremy Bentham-ek diseinatutako espetxe bati buruz hitz egin zigun irakasleak, "Panoptikoa" deritzona. Espetxe horren erdian, presoak behatzeko dorre bat dago, baina zelatatuak ez dira gai zelatatzaileak ikusteko.
Istorio txiki hau adibide bat besterik ez zen, IKT-ekin loturiko tresna zelatatzaileei buruzko hausnarketatxo bat bideratze aldera kontatutakoa. Horretarako, zelatatzaile horien zerrenda bat egin behar genuen, eta gure sentimenduak adieraziz zelatatuak izan garenean. Hori guztia komunean jarri eta gero, egoera bakoitzeko irtenbide bana bilatzen aritu ginen, nolabait behaturik ez egoteko moduren bat adieraziz. 
Besteak beste, eGela, GPS-ak, sare sozialak edo banketxeetako txartelak aipatu genituen, askotan, guk uste baino datu gehiago lor baititzakete gutaz, eta bakoitzari nola aurre egin jakitea beharrezkotzat jo genuen.

Ondoren, "¿Por qué me vigilan si no soy nadie?" izeneko bideo bat ikusi genuen. Bideo honetan, Marta Peiranok hainbat gauza ohartarazi nahi dizkigu: alde batetik, egun batean zenbat informazio sortzeko gai garen erakutsi nahi digu, eta bestetik, sare sozialetan anonimatoa mantentzearen garrrantzia. Bi gauza hauek argi ikusteko, neska baten eguneroko mugimenduak behatzeko aukera ematen digu, aipatutako mugimendu hauek etengabe kontrolatuta daudelarik.

Jarraian, "Las redes y los datos: una perspectiva crítica" izeneko beste bideo bat ikusi genuen. Bideo hau, sare sozialetako pribatutasunaren garrantzian zentratzen da. Bertan, sare sozialetan edozein mugimendu edo sarrera egin aurretik analisi ideologiko bat egitea komenigarria dela esaten da, izan ere, lehen aipatutako pribatutasun hori mantentzea zaila da.

Gelan ikusitakoari buruzko hausnarketa

Ez da ez lan samurra gaur egungo mundu honetan IKT-en erabilerari uko egitea, denok baikaude haien sareetan erorita. Hala ere, gure ustetan, egin beharreko lorpen handiena zera da, teknologia berri hauen inguruan erabilera zuzen bat egitea. Argi dagoena da arestian aipaturiko zelatatzaile horiek edonon daudela, uneoro norbait egon daitekeela gure gailuren bat kontrolatzen saiatzen, ordenagailuaren kamera esaterako, edota sare sozialen bitartez guri buruzko informazioa biltzen. Zer esanik ez, gainera, gero eta enpresa gehiagok kontratatzen dituztela adituak, lan elkarrizketa baten ondoren, guri buruzko informazioa bilatzeko, gutaz gehiago jakiteko. 
Esan bezala, edonon daude zelatariak, eta baditugu tresnak haiei aurrre egiteko, nahiz eta askotan ez garen horretaz jabetzen. Argi dago, askoren interesa dela guk hori ez jakitea, ez baldin badakizu behaketa baten objektu zarela, zure datuak erabiltzen ari direla, alegia, ez zarelako datu horiek ezkutatzen saiatuko. 

Beti bezala, norbaiten interesak norbanakoaren eskubideen gainetik ezartzen dira. Non dago etika?

Gure posizionamendua irakasle gisa gai honekiko. Zer egin dezakegu?

Nahiz eta lan erraza ez den izango, gure ustez, irakasle gisa egin beharrekoa haurrak kontzientziatzea izango litzateke, jakin dezatela zelatari horiek badaudela, eta badagoela modurik gure datuak salbu izateko. Ez dela lan samurra diogu, bada agian irakasle askok ere ez genukeelako jakingo nola lortu ahalik eta pribatutasun handien hori nola lortu. Hala ere, formakuntza hori jasotzea ere irakasleon esku dagoela iruditzen zaigu, gure nahiz ikasleen pribatutasuna ez delako ahuntzaren gauerdiko eztula, eta guztiz digitalizatutako mundu honetan beharrezkoa dela erabilera egoki bat egiteko tresnak ezagutu eta erabiltzea.

2015(e)ko azaroaren 24(a), asteartea

Jordi Adell-PLE


Google +-en jada komentatu nuena berridatziz, dokumental ona, teknologia berriei buruzko hainbat iritzi biltzen dituena, iritzi horiek oso ezberdinak direlarik, eta bakoitza ongi defenditurik. Teknologia berrien inguruan gehiago jakin nahi izatekotan, ezin galtzeko dokumentala zalantzarik gabe.

2015(e)ko urriaren 9(a), ostirala

PRAKTIKALDIRAKO HASIERAKO IDEIA

Gure hasierako asmoa haurren teknologia berrien erabileraren inguruko hausnarketa sakon bat bideratzea da. Horretarako, erronka bat botako diegu, teknologia berrien ideia mugatuz. Horrez gain, lehenengo lau astegunetan, taldekide bakoitzak indibidualki gure eskolako esperientzia blogean plazaratuko dugu; eta ostiraletan, komunean jarriko dugu astean zehar izandako esperientzia argitalpen kolektibo bat eginez.

Planteatuko dugun erronka, zikloak, mailak eta testuingurua jakin ondoren azaleratuko dugu, nahiz eta ideia nahiko garbi izan, zuek irrikaz itxaron dezazuen...

2015(e)ko urriaren 6(a), asteartea

ARGAZKI ELKARRIZKETA


Konektaturik egoteak izan ditzakeen abantailak desabantaila bihurtzeko aukera gertatzeko arrisku handi baten aurrean gaudela esan dezakegu, eta teknologia berrietatik aldentzeko momentu gutxi ditugu, gero eta gutxiago gainera, baina momentu horiek dira bizitzan gehien balio dutenak, estresak gidatutako mundu honetatik deskonektatzeko. Honako momentu hauek dira gehien apreziatzen ditudanak nire eguneroko bizitzan:

1.- SASKIBALOIA
2014-2015 Astigarragako Mundarro taldea
Ez dago niretzat beste momentu hoberik munduaz deskonektatzeko kirola egitea baino, saskibaloia izan da nire liberazio metodoa 8 urte nituenetik, eta nahiz eta oso ona ez izan, taldekideekin sortzen den giroa, esfortzu fisikoa eta saskibaloiak eman dizkidan pozak batuz gero, hau gabe nire bizitzan zer egin ez nuela jakingo esan dezaket, hau baita nire bizitzaren zati garrantzitsuenetako bat.


2.- BEHOBIA-DONOSTIA LASTERKETA
2014ko Behobiako dortsala
Hau bi arrazoirengatik da teknologiarik gabe bizitzen dudan momentu onenetakoa. Batetik, prestakuntza dugu, igandero aitarekin korrika egitera irten naiz, eta bion arteko erlazioa oraindik hobea izatea errazten du. Gainera, txikitatik egin nion promesa izan zen, ahal nuenean berarekin behobiak egingo nituela zin egin bainion, eta hortan nabil duela hiru urtetik. Gero lasterketa eguna dago, zeinetan jendearengandik jasotzen den indarra ezinbestekoa den lasterketa burutzeko, jende ezezaguna zu animatzen entzuteak indarrak ematen ditu, eta gainera, korrika egitea beste irtenbide moduko bat da estresa agertzen denean.


3.- LAGUNAK
Nork ez du unerik bere bizitzan, betiko lagunekin egoteko? 2 urte nituenetik bizitza osoan nire alboan egon dira, bigarren familia baten gisakoa dela esan dezaket, beraiekin eskolan egotean gurasoekin baino gehiago egoten bainintzen. Ikaragarria da hainbeste urteren ondoren oraindik ere elkarrekin jarraitzea. Gainera, teknologia berrien erabilpena ekiditeko ohitura bat daukagu: mugikorra hartzen duen lehenak ordantzen du arratsalde edo egun horretako lehenengo erronda tabernan.






4.- BIDAIATZEA
Donibane Lohitzune
Gustokoa dut bidaiatzea, batez ere mugatik beste aldera joaten banaiz. Arrazoia erraza da, konektatzea zailagoa da. Egia da hala ere, ziurrenik hotelean edo beste lekuren batean konektatzeko aukera badagoela, baina aprobetxatuz kanpoan nagoela, guztiz deskonektatzea dut gustoko.






5.- IBILALDIAK
Egia da ez ditudala gehiegitan egiten, baina egiten ditudanean sentsazio oso onak eragiten dizkit. Batez ere leku alturen batera joatean, bertatik bistak ikusteko, eta aire garbiagoa arnasteko.




6.- UDALEKUAK
Urtean behin diren arren, eta gehiagotan izatea gustatuko litzaidakeen arren, udaran begirale gisa joatean, 12 egun egoten gara guztiz deskonektaturik, erabiltzen ditugun gailu aurreratuenak dutxak eta komunak direlarik.


7.- AISIALDI TALDEA
Bi astetik behin LH nahiz DBHko haurrekin batzen gara larunbatetan, arratsalde edo goiz eder bat pasatzeko, eta nire mundutik pixka bat deskonektatzeko.


8.- DONOSTIA
Zein ederra den gure hiria... Leku ezkutu eta paisai oso politak aurkezten dizkigularik. Ez dago hemendik bakarrik ibili eta gozatzea bezain ona den beste sentsaziorik.