Baldag Itsastxakurrak taldekoen blogak

2015(e)ko abenduaren 15(a), asteartea

URRIAK 6, SAIO TEORIKOA

Klaseari hasiera emateko, Jeremy Bentham-ek diseinatutako espetxe bati buruz hitz egin zigun irakasleak, "Panoptikoa" deritzona. Espetxe horren erdian, presoak behatzeko dorre bat dago, baina zelatatuak ez dira gai zelatatzaileak ikusteko.
Istorio txiki hau adibide bat besterik ez zen, IKT-ekin loturiko tresna zelatatzaileei buruzko hausnarketatxo bat bideratze aldera kontatutakoa. Horretarako, zelatatzaile horien zerrenda bat egin behar genuen, eta gure sentimenduak adieraziz zelatatuak izan garenean. Hori guztia komunean jarri eta gero, egoera bakoitzeko irtenbide bana bilatzen aritu ginen, nolabait behaturik ez egoteko moduren bat adieraziz. 
Besteak beste, eGela, GPS-ak, sare sozialak edo banketxeetako txartelak aipatu genituen, askotan, guk uste baino datu gehiago lor baititzakete gutaz, eta bakoitzari nola aurre egin jakitea beharrezkotzat jo genuen.

Ondoren, "¿Por qué me vigilan si no soy nadie?" izeneko bideo bat ikusi genuen. Bideo honetan, Marta Peiranok hainbat gauza ohartarazi nahi dizkigu: alde batetik, egun batean zenbat informazio sortzeko gai garen erakutsi nahi digu, eta bestetik, sare sozialetan anonimatoa mantentzearen garrrantzia. Bi gauza hauek argi ikusteko, neska baten eguneroko mugimenduak behatzeko aukera ematen digu, aipatutako mugimendu hauek etengabe kontrolatuta daudelarik.

Jarraian, "Las redes y los datos: una perspectiva crítica" izeneko beste bideo bat ikusi genuen. Bideo hau, sare sozialetako pribatutasunaren garrantzian zentratzen da. Bertan, sare sozialetan edozein mugimendu edo sarrera egin aurretik analisi ideologiko bat egitea komenigarria dela esaten da, izan ere, lehen aipatutako pribatutasun hori mantentzea zaila da.

Gelan ikusitakoari buruzko hausnarketa

Ez da ez lan samurra gaur egungo mundu honetan IKT-en erabilerari uko egitea, denok baikaude haien sareetan erorita. Hala ere, gure ustetan, egin beharreko lorpen handiena zera da, teknologia berri hauen inguruan erabilera zuzen bat egitea. Argi dagoena da arestian aipaturiko zelatatzaile horiek edonon daudela, uneoro norbait egon daitekeela gure gailuren bat kontrolatzen saiatzen, ordenagailuaren kamera esaterako, edota sare sozialen bitartez guri buruzko informazioa biltzen. Zer esanik ez, gainera, gero eta enpresa gehiagok kontratatzen dituztela adituak, lan elkarrizketa baten ondoren, guri buruzko informazioa bilatzeko, gutaz gehiago jakiteko. 
Esan bezala, edonon daude zelatariak, eta baditugu tresnak haiei aurrre egiteko, nahiz eta askotan ez garen horretaz jabetzen. Argi dago, askoren interesa dela guk hori ez jakitea, ez baldin badakizu behaketa baten objektu zarela, zure datuak erabiltzen ari direla, alegia, ez zarelako datu horiek ezkutatzen saiatuko. 

Beti bezala, norbaiten interesak norbanakoaren eskubideen gainetik ezartzen dira. Non dago etika?

Gure posizionamendua irakasle gisa gai honekiko. Zer egin dezakegu?

Nahiz eta lan erraza ez den izango, gure ustez, irakasle gisa egin beharrekoa haurrak kontzientziatzea izango litzateke, jakin dezatela zelatari horiek badaudela, eta badagoela modurik gure datuak salbu izateko. Ez dela lan samurra diogu, bada agian irakasle askok ere ez genukeelako jakingo nola lortu ahalik eta pribatutasun handien hori nola lortu. Hala ere, formakuntza hori jasotzea ere irakasleon esku dagoela iruditzen zaigu, gure nahiz ikasleen pribatutasuna ez delako ahuntzaren gauerdiko eztula, eta guztiz digitalizatutako mundu honetan beharrezkoa dela erabilera egoki bat egiteko tresnak ezagutu eta erabiltzea.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina