Baldag Itsastxakurrak taldekoen blogak

teknologia etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
teknologia etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2016(e)ko urtarrilaren 10(a), igandea

Praktikaldiko esperientzia (Tailerra)

Praktikaldia gertu genuen eta IKT-n proposaturiko lanaren inguruan hizketan genbiltzan: zer egin, zer ez egin, eta abar. Gauza bat argi geneukan, geure proiektua kontzientziazioarekin lotura zuzenekoa izan behar zen, uste baitugu geure gizartean kontzientziazio falta izugarria dagoela. Gainera, garai haietan, praktikaldia begi bistan genuen egun horietan, artefaktua lehenengo forma abstraktua hartzen ari zen.

Buru belarri geunden gaiarekin eta pentsatu genuen interesgarria zela artefaktua IKT-ko esperientziarekin lotzea, beraz, komunikazio-inkomunikazioaren gaia kontzientziazioaren bidez lantzea genuen helburu.

Hasiera batean, IKT-en erabilera sustatzeko esperientzia bat prestatu genuen, ipuinak osatzearekin loturik zegoena. Baina, ideia hau martxan jartzen hasi ginenean, pentsatu genuen hori ez zegoela kontzientziazioarekin loturik, eta beste talde guztiek edo gehienek behintzat, teknologien sustapenarekin loturiko esperientziak antolatu zituztela. Hau ikusirik, konturatu ginen, teknologien erabileraren inguruko esperientzia bat abiarazi behar genuela, baina ez teknologia hauek erabiltzen ikasteko, baizik eta ezaguna den erabilera modu egoki edo neurtuan erabili ahal izateko; hau da, umeak, teknologiak erabiltzean, erabilera honen jakitun izan daitezen. Uste baitugu, gaur egun, biztanle orok teknologiak erabiltzen dituela, baina teknologia hauen erabileraren jakitun izatea erabilera bera baina garrantzitsuagoa dela. 

 Esperientziaren nondik norakoak azaldu aurretik, garrantzitsua iruditzen zaigu kontzientziazioaren kontzeptua azaltzea. Denok dakigu, bizi garen gizarte moderno honetan, teknologia berriak izugarrizko abiaduraz txertatu direla geure egunerokotasunean. Gaur egun, teknologia hauek erabiltzen ez dakiena, ez ohikotzat dugu, arrarotzat ez esate arren. Baina, uste dugu, erabiltzen ez dituena baina egoera larriagoan dagoela gehiegi eta modu okerrean erabiltzen dituena, eta pertsona hau ez du inork arrarotzat hartuko. Honen arrazoia honakoa da: gizartean, teknologia berri hauek txertatzearekin batera, inertzia batzuk sortu dira. Inertzia hauek teknologia hauen erabilerarekin loturik daude; gizarteak “behartu” egiten gaitu inertzia hauek jarraitzera, eta inertzia hauen aurkako indarrak sustatu ezean, inertziok gehiegizko erabileretara eramango gaituzte modu zuzen eta bizkor batean. Gure lagun onena pantaila bat bihurtuko da, eta geure bikotea arratoia izango da, geure eskua honi loturik biziko baita.

 Hau dela eta, ezinbestekoa deritzogu inertzia hauen aurkako kontzientziazioa. Uste dugu IKT-en erabilera oso aberasgarria izatera irits daitekeela, baina beti ere, aurretik aipaturiko inertzia horietatik zeozer hartu eta burua erabiliz teknologia hauen erabilera ulertuaz. Hortaz, oso garrantzitsua iruditu zitzaigun Lehen Hezkuntzan hau lantzea, pertsonak haurtzarotik jabetu behar baitira inertzia hauez, errealitatea ulertzeko txikitatik errealitatearekin kontaktuan egon behar gara.

 Guk, Lehen Hezkuntzako lehen praktikaldian, honako esperientzia proposatu genien ikasleei: aste betez, egunerokotasunean erabiltzen zituzten teknologia berrien inguruko hausnarketa egin ondoren, soilik beharrezkoak diren teknologia berriak erabiltzen saiatzea; modu honetan, konturatuko ziren, egunerokotasunean erabiltzen zituzten teknologia berri edo gailu ugari ez direla uste bezain ezinbestekoak, eta hauek gabe zoriontsu izatea posible dela, menpekotasuna alde batera utzita.
 Egia da bai, geure esperientziaren bidez, ez dela IKT-en erabilera sustatzen, ez dutela teknologia berrien erabilera ezezagunik ikasten. Baina, pentsatzen dugu, erabilera berriak ikasi ahal izateko, lehenik eta behin jada ezagunak ditugunon erabilera egokiak ziurtatu behar direla. 
Esperientzia oso argi genuen arren, praktikaldia hastearekin batera, geure ilusioak zapuztu zirela ikusi genuen. Taldekide gehienok lehenengo ziklora bideratu gintuzten, eta lehenengo zikloan, ulergarria den bezala, ikasleek ez dute oraindik teknologia berri hauekin kontaktu gehiegirik, eta duten kontaktu urria kentzea gelako giroa asaldatzeko arrazoitzat hartu genuen, oraindik gazteegiak izan daitezke eta erabileraren kontuaz jabetzeko. Gainera, esperientzia modu egokian aurrera eraman zezakeen taldekide bakarra, oso gela konfliktiboan egon zen praktiketan, eta esperientzia aurrera eramaten saiatu zen arren, ez zuen emaitza zuzenik lortu, praktikaldia oso motza zen heinean, ikasgelan irakasleak beste arazo batzuei lehentasuna eman zien eta.

 Hala ere, konklusio gisara, esperientzia geletan aurrera eramatea lortu ez dugun arren, esan behar dugu guk geuk asko ikasi dugula proiektua aurrera eramaten saiatzen. Ez dugu lortu umeak kontzientziatzea, kimera gisara geratu da, baina geure buruetan sekulako kontzientziazioa eman delakoan gaude. Oso aberasgarria sortatu zaigu proiektu hau.

Iker Amas, Joxeba Arostegi, Gorka Andres, Omar Armendaritz eta Peru Aiartza.

TALDEKO ARGAZKI ELKARRIZKETA

Teknologiak hurbildu baino, urrundu egiten gaitu; zer ematen digu teknologiak gustuko ditugun beste zenbit ekintza edo gauza egiteari uzteko? Hain handia al da satisfakzioa? Zergatik? Horrelako galderak etorri zitzaizkigun burura geure lanak komunean jartzerako orduan... Benetan lasaitasunez eta sakonduaz bete beharreko eztabaida dugu hau!

Egia esan, uste baino kointzidentzia gehiago izan ditugu teknologia alde batera utziaz ekintza aukeratzerako orduan. Bitxia iruditu zitzaigun, aipatu beharreko modukoa... Zeintzuk dira gauza hauek? Gehienbat, errepikatzen direnak, kirolarekin eta lagunekin egotearekin zerikusia dutenak dira; bai futbola, bai saskibaloia, bai menditik ibiltzea, lagunekin asteburu bat igarotzea,... eta halakoak.
Behin geure arteko alderaketa egin ostean, arestian aipatutako zenbait ideia eta galderetaz hasi ginen eztabaidatzen. Zergatik, zenbaitetan, gustuko ditugun gauza hauek alde batera utzi mobil batekin edo pantaila baten aurrean egoteko? Erosotasuna aipatu genuen, oro har. Oso eroso sentitzen gara, buruhauste handirik gabe...

Beste aldetik, ekintza hauek betetzeak sortzen duen satisfakzioaz hitz egiten aritu ginen, benetan esperientzia bikainak! Hoenn inguruan hitz egiten ari ginela, egoera bat planteatu genuen, egun nahiko pilpilean dagoena. Gauez parrandara ateratzen den pertsona batek etengabe mugikorrarekin argazkiak edota bideoak ateratzen dituen pertsona, oro har, gau on edo txar bat igarotzen ari al da? Zer da benetan erakutzi nahi diguna? Gau bikaina igarotzen ari dela ikustarazi nahi digu, hala nola, "snapchat"-en bidez, baina hala al da? Geure ustez, inondik ere ez. Harengan eta egin dezakeenaren segurtasun falta isla dezake horrelako jokaerekin... Beste zenbait ekintzetan ere egoera hau planteatzea posible da.
Goazen benetan gustatzen zaizkigun gauza horiek bete edo egitera, eta hutsalkeria edota azalkeriak alde batera uztera! 

2015(e)ko abenduaren 15(a), asteartea

URRIAK 6, SAIO TEORIKOA

Klaseari hasiera emateko, Jeremy Bentham-ek diseinatutako espetxe bati buruz hitz egin zigun irakasleak, "Panoptikoa" deritzona. Espetxe horren erdian, presoak behatzeko dorre bat dago, baina zelatatuak ez dira gai zelatatzaileak ikusteko.
Istorio txiki hau adibide bat besterik ez zen, IKT-ekin loturiko tresna zelatatzaileei buruzko hausnarketatxo bat bideratze aldera kontatutakoa. Horretarako, zelatatzaile horien zerrenda bat egin behar genuen, eta gure sentimenduak adieraziz zelatatuak izan garenean. Hori guztia komunean jarri eta gero, egoera bakoitzeko irtenbide bana bilatzen aritu ginen, nolabait behaturik ez egoteko moduren bat adieraziz. 
Besteak beste, eGela, GPS-ak, sare sozialak edo banketxeetako txartelak aipatu genituen, askotan, guk uste baino datu gehiago lor baititzakete gutaz, eta bakoitzari nola aurre egin jakitea beharrezkotzat jo genuen.

Ondoren, "¿Por qué me vigilan si no soy nadie?" izeneko bideo bat ikusi genuen. Bideo honetan, Marta Peiranok hainbat gauza ohartarazi nahi dizkigu: alde batetik, egun batean zenbat informazio sortzeko gai garen erakutsi nahi digu, eta bestetik, sare sozialetan anonimatoa mantentzearen garrrantzia. Bi gauza hauek argi ikusteko, neska baten eguneroko mugimenduak behatzeko aukera ematen digu, aipatutako mugimendu hauek etengabe kontrolatuta daudelarik.

Jarraian, "Las redes y los datos: una perspectiva crítica" izeneko beste bideo bat ikusi genuen. Bideo hau, sare sozialetako pribatutasunaren garrantzian zentratzen da. Bertan, sare sozialetan edozein mugimendu edo sarrera egin aurretik analisi ideologiko bat egitea komenigarria dela esaten da, izan ere, lehen aipatutako pribatutasun hori mantentzea zaila da.

Gelan ikusitakoari buruzko hausnarketa

Ez da ez lan samurra gaur egungo mundu honetan IKT-en erabilerari uko egitea, denok baikaude haien sareetan erorita. Hala ere, gure ustetan, egin beharreko lorpen handiena zera da, teknologia berri hauen inguruan erabilera zuzen bat egitea. Argi dagoena da arestian aipaturiko zelatatzaile horiek edonon daudela, uneoro norbait egon daitekeela gure gailuren bat kontrolatzen saiatzen, ordenagailuaren kamera esaterako, edota sare sozialen bitartez guri buruzko informazioa biltzen. Zer esanik ez, gainera, gero eta enpresa gehiagok kontratatzen dituztela adituak, lan elkarrizketa baten ondoren, guri buruzko informazioa bilatzeko, gutaz gehiago jakiteko. 
Esan bezala, edonon daude zelatariak, eta baditugu tresnak haiei aurrre egiteko, nahiz eta askotan ez garen horretaz jabetzen. Argi dago, askoren interesa dela guk hori ez jakitea, ez baldin badakizu behaketa baten objektu zarela, zure datuak erabiltzen ari direla, alegia, ez zarelako datu horiek ezkutatzen saiatuko. 

Beti bezala, norbaiten interesak norbanakoaren eskubideen gainetik ezartzen dira. Non dago etika?

Gure posizionamendua irakasle gisa gai honekiko. Zer egin dezakegu?

Nahiz eta lan erraza ez den izango, gure ustez, irakasle gisa egin beharrekoa haurrak kontzientziatzea izango litzateke, jakin dezatela zelatari horiek badaudela, eta badagoela modurik gure datuak salbu izateko. Ez dela lan samurra diogu, bada agian irakasle askok ere ez genukeelako jakingo nola lortu ahalik eta pribatutasun handien hori nola lortu. Hala ere, formakuntza hori jasotzea ere irakasleon esku dagoela iruditzen zaigu, gure nahiz ikasleen pribatutasuna ez delako ahuntzaren gauerdiko eztula, eta guztiz digitalizatutako mundu honetan beharrezkoa dela erabilera egoki bat egiteko tresnak ezagutu eta erabiltzea.

2015(e)ko azaroaren 24(a), asteartea

Jordi Adell-PLE


Google +-en jada komentatu nuena berridatziz, dokumental ona, teknologia berriei buruzko hainbat iritzi biltzen dituena, iritzi horiek oso ezberdinak direlarik, eta bakoitza ongi defenditurik. Teknologia berrien inguruan gehiago jakin nahi izatekotan, ezin galtzeko dokumentala zalantzarik gabe.

2015(e)ko urriaren 6(a), asteartea

TALDE LANA: TEKNOLOGIEN INGURUKO HAUSNARKETA

Urteak igaro ahala, gizakia esklabutza munduan geroz eta gehiago murgiltzen ari delakoan gaude... zeren esklabu? Teknologien esklabu, jakina! Gizartea pikutara doa eta honekin batera gizartearen partaide direnen harreman sozialak. Hau irakurtzearekin batera, zuetako askok usteko duzue inoiz baina sozializatuagoak gaudela, eta gure ideia hau okerra dela... baina, pantaila baten atzean dagoenarekin hitz egitea, hitz egitea al da? Lagun bat gaizki dagoenean mezu batean animoak bidaltzean, lagun honek benetan jasotzen al du gure bultzada? Muxu bat bidaltzean beste aldean dagoenak sentitzen al du ezpainen kontaktua? Ez dugu uste...

Beraz, argi daukagu gero eta izaki bakartiagoak garela, erosotasun honen barruan oso gustura gaudela uste dugula, eta erosotasun honek galbiderantz garamatzalaren ideia ez dugula geure buruetan. Betirako biziko bagina bezala bizi gara, hau da, esku artean daukagun bizitzeko aukera paregabea ez aprobetxatzearen erabakiarekin goaz aurrera. Momentua bizitzea baino interesgarriagoa iruditzen zaigu momentuaren argazkia atera eta hau besteei erakustea, besteek gure momentuaren inguruan hitz egin dezaten. Besteek gure bizitza txalotzea nahi dugu, eta ez gara ohartzen gu geu garela gure bizitza bizitzearen arduradunak, ez sare sozialak.

Gaixorik gaude denok, ezin gara kalera irten mugikorra patrikan eduki gabe, ezin gara ohean sartu ohe ondoko entxufean mobila kargatzen ipini gabe, ezin dugu eguna telebistako seriearen kapitulua ikusi gabe bukatu, lokartu aurretik geurekin bizi direnak agurtzea baina garrantzitsuagoa iruditzen zaigu Whatsappean ditugun "elkarrizketakideei" agur birtual hori bidaltzea...Pikutara goaz eta galdera bat daukagu zuentzat: argia joatean, satelite guztiak desagertzean, teknologiak erabili ezin ditugunean... nor izango da kalera irtengo den ausarta?

2015(e)ko irailaren 25(a), ostirala

TEKNOLOGIA ETA GENEROA



Argi eta garbi esan daiteke gizartetik bultzatua dagoela gizon zein emakumeek teknologia desberdinak erabiltzea. Esan dezakegu, txikitatik izan ditugun bideokontsolak gehienbat mutilentzat pentsatuak egon direla. Horrela, Play Station, XBOX edo Nintendoren gailu gehienentzat jokoak mutilentzat erakargarriagoak egin izan dituzte neskentzat baino. Kirola, gerra, borrokak,... horiek izan dira bideojokoen gai erabilienak, mutilen erabilera bilatuz. Adibidetzat ditugu baita ere Nintendoren kontsola famatuenak, Game Boy deritzenak.

Izenetik hasita jada, ikusten dugu genero batean oinarritzearen zirela, nahiz eta gogoratzen dudan neskentzako edizio espezial bat atera zuten, baina kostata.


Azken urteotan, hala ere, merkatuan neskentzat bideratuago dauden jolasak egiten ere hasi dira, ekonomikoki ustiatu gabeko abagune bat aurkitu baitute bertan. Ohikoagoa da neskak ikustea gailu teknologiko batekin jolasean, baina gero eta ohikoagoa den arren, bideojokoen industriaren gehiengoa mutilentzat egindako produktuek dominatzen dute.

Ondorioz, industria pixkanaka zabaltzen ari dela esan daiteke, existitzen direla baita ere neskentzat gogokoagoak izan daitezkeen jolasak, baina horrekin ere arazo bat dagoela. Arazo hori estereotipoetan erortzea da, jolas askotan irudi gisa neskak erabiltzeak eragin baitezake bideojokoak sexistatzat jotzea, arrazoi guztiarekin. Zergatik sukaldari izateko bideojokoetan da neska irudi eta ez mutil bat? Edo zergatik dago joko bat "Imagina ser mamá" deritzona, eta ez bat "Imagina ser papá"? Horrek hausnarketa sakon bat eskatuko liguke, baina ez soilik bideojokoen munduan, beste teknologia motetan ere eragin sexistak egon daitezkelako, eta ezin gara amarru horretan erori.

Gure esku dago teknologia berrien erabilera egokia izatea, bai kontsumoaren aldetik, baita programazioaren aldetik ere. 

2015(e)ko irailaren 18(a), ostirala

Historia lerroa: Haurtzaroa eta teknologia

Jende guztiak argi duen gauza bat da XXI. mende hasieratik, gaur egunera arte, teknologian aldaketa ugari bizi izan ditugula, gailu berriak agertu, eta lehendik existitzen zirenak modernizatu direlarik. 
Hala ere, esan beharra dago gu hazten joan garen heinean joan direla garatzen teknologiak, eta beraz, errazagoa izan dela gure egokitzapena, gu baino hamarkada bat lehenago jaio zirenenarekin, esaterako, alderatuz. 

Nire haurtzarora begirada bat botaz, teknologia eguneroko gauza bilakatzen joan zela esan dezaket. Kontuan izan behar da etxean telebista izatearekin soilik, jada teknologiari buruz hitz egiten ari garela, eta ezin ahaztu txikitatik ikusitako marrazki bizidunak: Doraemon, Pokemon, Rocket Power, Lasterketa Zoroak,... zerrenda ia amaiezina egin nezake horiekin guztiekin.
Horrez gain, hezkuntzaren arloari begiratuz, txikitatik nire ikastetxean teknologia berrien aldeko apustu argia egin zutela esan dezaket argi eta garbi, 4 urterekin jada informatika klasea izaten baikenuen noizean behin. Hortik aurrera, gero eta ohikoagoa izan da ikasgelan ere teknologia berriak deritzonak izatea, gaur egun ikasgela batean gutxienez ordenagailu bat izatea lagungarria delarik irakaslearentzat. 

Gaur egun, hala ere, ez zait iruditzen haurrei teknologia mota hauek erabiltzen irakatsi behar zaienik, hau da, euren testuingurua kontuan harturik, ordenagailu edo tableta bat erabiltzen euren kabuz ikasiko dute, eta, nire ustez, irakatsi behar zaiena da dituzten baliabideak modu egokian erabiltzen. Horrekin zera esan nahi dut, askotan, haurrek gehiegizko erabilpen bat ematen dietela teknologia berriei. 

Adibide bat jartzeagatik, argi dago haurrek kalean jolastea baino, orokorrean, nahiago dutela etxera iritsi eta euren lagunekin jolastu, baina pantaila bat tartean dutelarik, online eran esaterako. Hau zer puntutaraino den kaltegarria? Bada iritzi anitzak daude honen inguruan, normala den bezala, baina nire iritzia adierazte aldera, esango nuke, neurri batean ez duela zertan kaltegarria izan. Esan nahi dudana da haurrek agian euren artean erlazionatzeko modu desberdin bat aurkitu dutela, nahiz eta jende askoren kezka izan haurren sozializazioa urra dezaketela teknologia berriek. Hala ere, ez beti, baina kasu hori gerta daiteke, haurrak fisikoki elkarrekin daudenean teknologia hauen mende jarraitzen badute, eta familia harteko harremanak ere kaltetu daitezke haurrei hainbat momentutan ez bazaie mugatzen mugikorraren edo beste gailu baten erabilera.

Nire kasuan, mugikorra lehen aldiz 13 urterekin izan nuen, nahiko gazte garai hortarako nire gurasoen ustetan, baina ez zen beste munduko ezer. Gurasoei deitzeko soilik erabiltzen nuen, beharrezkoa soilik zenean, eta gaur egun, ordea, hainbeste garatu dira mugikorrak, non ez dudan  ia deitzen mugikorretik, sare sozialen bitartez komunikatzen bainaiz gehienbat. 

Gaur egun, egia esan, duela urte batzuk pentsaezinak ziren erraztasunak ditugu, oro har gizartean, gailu teknologikoak erabili ahal izateko, iraultza teknologikoari esker, uneoro baitugu modua horiek erabiltzeko.